XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

NIRE AITONA goizean esnatu eta ohean berandu arte gozo-gozo geratzea gustuko duen horietakoa zen.

Gu berriz, artean ume koskor ipurtarinak izaki, sukaldetik gora zetozkigun lehenengo plater-hotsak entzun orduko, maindireak utzi eta ziztu bizian oldartzen ginen eskaileretan behera, amonarengana, berehalakoan prestatuko zizkigun zezina-otarteko erraldoia eta katilukada esne bizkor-bizkor hartzeko pronto.

Udaro, uztailak egun eskasak zituela, aitonamonekin uzten gintuzten gurasoek, Izurkizen, hegoaldeko eguzki gotorra eta giroaren lehorra bete-betean sartuta geundeneko hazi garai hartan onuragarri zitzaizkigulakoan.

Amonak, ordu pare bat lehenago bertaratuta, irrikaz itxaron ohi gintuen estazioan, eta, gu azaldu artean, iparralderantz luzatzen zen burdinbideari beha eta beha aritzen zen, antsia batean.

Bost ordu luzeko bidaia nekagarriaren ostean, leihoko kristalaren bestaldean aurkitzen genuen, lepoa bagoien barrualdera luzatuta eta irribarrea ahoan beti, trenaren abiada geroz eta geldoagoa tipi-tapa dorpean lagunduz.

AMONA JAIKITZERAKO, hegoaldeko eguzki harroputzak, anpurutsu, bere bidearen tarte handi bat ibilia zuen jada, eta herriko plazara jotzen zuten leihoetako zirrikituetatik jostakor labaintzen ziren izpiak, estaziotik noiz iparrak noiz hegoak ekartzen ziguten metalezko melodia ezagunaz nahasirik trenek ez zuten atsedenik hartzen(...)